Ericeira kostako helmuga turistiko garrantzitsuenetakoa da. Duela zortzi mende sortu zen, eta Lisboatik 35 kilometrotara dago, iparralderantz. Hiriak lasaitzeko eta gozatzeko giro ezin hobea eskaintzen die bisitariei. Ericeirako urak argiak eta gatz mineraletan aberatsak dira, eta bertako lurzoruak iodo ugari du. Inguruan kalitate bikaineko hondartzak daude, hala nola Praia da Foz do Lizandro, Praia de São Lourenço, Praia de São Sebastião eta Praia da Ribeira d'Ilhas, mundu osoan ezagunak surfa, bodyboard-a eta skimming-a egiteko ezin hobeak direlako. Hondartza txikiagoak, intimoagoak, nahiago izanez gero, Praia da Orelheira bisitatu daiteke. Eta arrantza tradizio handiko bi hondartza ere baditu: Praia do Peixe eta Praia do Sul handia. Arrantzak inguruan garrantzi handia duenez, toki ezin hobea da Ericeira arrainak eta itsaskiak jateko.

Halaber, ezagutzeko hiri polita da Ericeira. Lasaia eta baretsua, ibilaldi atseginak, denda ugari eta artisautza lan oso interesgarriak ditu. Ericeirako Munduko Surf Erreserba lehen mailako surf eremu bat da, 8 kilometroko kostaldearekin gutxi gorabehera. Aparteko urautsien dentsitate handia hartzen du barnean. Besteak beste, Ribeira d'Ilhas eta Coxos urautsi mitikoak.

Ericeirako kostaldean itsaslabar harritsuak dira nagusi. Inguru horren bereizgarri dira, badia txikietan dauden kala ospetsuekin batera. Ericeirako antzinako herria "Jagoz" izeneko talde etniko batek osatzen zuen; alboko herrien desberdina zen, itsasotik soilik bizi zelako ia. Ericeirara errege familiako kideak, aristokrata monarkikoak zein errepublikanoak joan ohi ziren. Bertan eraiki zituzten udako etxeak, eta haiek izan ziren herriko lehen eguzki-hartzaileak.

Surfa 70eko hamarkadan iritsi zen Ericeirako hondartzetara, eta ordutik Portugalgo surfaren hiriburua izan da. Tiago Pires, World Tour ASPko surflari profesionala, Ericeiran jaio eta hazi zen, eta inguruan surfari lotutako hainbat enpresa agertu dira, bertan dauden eta bisitan datozen surflari ugariei sostengu emateko.

Era askotako olatuak daudenez zona horretan, bakoitza bere zailtasun mailakoa, orotariko surflarientzako baldintza egokiak daude, direla hasiberriak, direla profesionalak. Gainera, Ericeiran hainbat surf eskola daude, eta eskualdeko eta nazioarteko txapelketak egiten dira bertan.

WSCN Menú